berria.info

 

Ostirala, 2014ko abuztuak 22a.

 

Erakutsi dute bidea zein den.

 

http://imageceu1.247realmedia.com/0/default/empty.gifXakea da gizonezkoak eta emakumezkoak maila berean jartzeko kirolik egokienetakoa, baina, praktikan, oso handia da, oraindik, aldea. Polgar ahizpena da salbuespen nagusia.

 

Josu Tornay.

 

Estatistikak aztertuta, ukaezina da xakean, gaur egun, gizonezkoek emakumezkoek baino maila hobea daukatela. Emakumezko bakarra dago munduko ehun jokalari onenen artean: Judith Polgar hungariarra. Polgar ahizpak xake mundura heldu artean, berriz, bakar bat ere ez zegoen 500 onenen artean. Beste kirol batzuekin alderatuta, emakumezko parte-hartzaileen kopurua txikiagoa da xakean; baina, zergatik? Funtsean, jokatzeko aukera berbera dute gizonezkoek eta emakumezkoek; gaztetan, antzeko adin tartean hasten dira ikasten klubetan, eskoletan edo etxean.

Pubertarora arte, motibazioan eta joko indarrean ez da izaten alde handirik; baina kopuruan, bai. Kultur arrazoiak egon daitezke atzean. 10-13 urte artean, jada, emaitza hobeak lortzen hasten dira mutikoak, eta motibazioa areagotzen die horrek. Neskatoek, berriz, pixkanaka utzi egiten dute xakea, eta behera egiten du motibazioak. Leontxo Garcia kazetari eta xake jokalari irundarraren hitzetan, pubertaroan eragin handia dauka bi sexuen arteko aldeak. Adituen txostenak oinarri hartuta, Garciak aitortu du adin horretan mutikoetan lehiakortasuna bultzatzen duela testosteronak. Mutiko askorentzat zerbaitetan besteak baino hobea izatea bihurtzen da helburu. Neskatoen artean, berriz, sare sozialak zabaltzera bultzatzen du progesteronaren eraginak. Hori bai, Garciaren hitzetan, pubertaroaren amaieran neskatoek berreskuratu egiten dute lehiakortasun hori. Baina, gehienetan, berandu izaten da jada, xakean 10-14 urte artekoa delako etorkizunean puntako jokalari izateko adin kritikoa.

Kultur eraginak tartean.

Garciaren arabera, ez dago hain argi bi sexuetan burmuineko hemisferioen arteko aldea. Azalpen biologiko bat egongo litzateke xakea, benetan, hemisferio zehatz batekin lotuago egongo balitz, eta gizonezkoak hemisferio hori hobeto erabiltzeko gai izango balira. Baina, Garciaren hitzetan, errazagoa da aldea formazioko momentu kritikoan hormonek duten eraginari leporatzea. Salbuespenak badaude, ordea, eta, horregatik jarri izan da zalantzan hormonen faktorea, kultur eraginak hobetsita.

Polgar ahizpei dagokienez, ez ziren joan eskolara. Pedagogoak ziren gurasoak, eta Hungariako Gobernuaren baimena lortu zuten euren alabak etxean hezteko. Neskatoek denetik ikasi bazuten ere —esperantoa barne—, xakeak pisu handia zeukan klaseetan. Umetatik xakea ikasita, hirurek sistematikoki garatu zuten lehiakortasuna, euren adin tarteko mutikoek baino hobeto, eta berehala kokatu ziren munduko jokalari onenen artean.

Ahizpetan zaharrenak, Zsusak (1969), maisu handien titulua lortu zuen 23 urterekin. Emakumezkoen artean, Judith ahizpak bakarrik gainditu du rankingean, eta hainbat urtez izan da emakumezkoen arteko munduko txapelduna. Ahizpetan bigarrena ere, Zsofia (1974), nazioarteko maisua da. 14 urterekin, Erromako torneoan, emakumezko batek sekula lortutako performance onena egin zuen (2.735), eta aise irabazi zuen torneoa, gizonezko maisu handiz inguratuta.

Judith Polgar (1976), berriz, historiako emakumezkorik onena izan da. Munduko hamar onenen artean sartu zen 1996an —beste inork ez du lortu halakorik—, eta urte askoan iraun du elitean. 2008an, hogei onenen artean zegoen artean. 15 urterekin lortu zuen maisu handien titulua; halakorik lortu zuen jokalaririk gazteena izan zen, Bobby Fischer baino hilabete batzuk gazteagoa.

38 urterekin, jokatu berri diren Norvegiako Olinpiar Jokoetan jakinarazi du Judit Polgarrek erretiroa hartuko duela. Torneo mistoetan bakarrik parte hartu izan du beti —gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrekin aritzen direnetan—, eta titulu asko lortu ditu: Haurren mailako Munduko Txapelketa (1990), Hungariako Txapelketa, 17 urte eskasekin (1991), edo AEBetako Irekia tartean (1998). Xakeko torneoak mistoak dira berez, baina, maila aldea dela eta, betidanik antolatu izan dira emakumeentzako torneoak ere.

Eztabaida handia gizartean.

XX. mendearen bukaeran Espainiako Xake Federazioak argitu zuen —Herritarren Babesleak bultzatuta eta diskriminazioa oinarri hartuta— 2002tik aurrera torneo mistoak soilik jokatuko zirela. Neurri horren kontra egin zuten emakumezko askok, diskriminazioa ezabatu ez, eta gutxiengo bat itoko zuela argudiatuta. Azkenerako, ez ziren desagertu torneo horiek, eta, gaur egun, euren arteko lehiakortasuna areagotzen dutela uste dute gehienek.

Torneo horiek kenduz gero, emakumezkoak lehiaketetatik desagertzeko arriskua legoke, edo bigarren mailako torneoetan soilik parte hartzekoa. Hori bai, adituak sinetsita daude etorkizunean posible izango dela kirol misto soila izatea. Hori da helburua.

 

38 urterekin erretiroa hartuko duela jakinarazi du Judit Polgarrek; munduko hamar onenen artean sartu zen 1996an.

 

http://www.berria.eus/paperekoa/1887/018/001/2014-08-22/erakutsi_dute_bidea_zein_den.htm